top of page

             Hamaika mundu dago Orion. Hamaika istorio. Hamaika kontu eder eta hamaika kontu latz. Hamaika kantu eta bertso. Hamaika poz eta negar…


Horiek guztiek osatzen dute gure nortasun kolektiboa, gure imajinarioa. Orain arte oso modu naturalean jaso izan ditugu oriotarrok gure nortasun kolektibo horren osagarriak: etxean eta kalean. Nahikoa zen hori. Gaur egun, ordea, gure haur eta gazteek jasotzen duten mundu osoko informazio pilarekin eta bitartekoen dibertsifikazioarekin, zailagoa da transmisio natural hori.


Horregatik, transmisio hori ziurtatzeko zerbait antolatzea premiazkoa iruditu zaigu.
Gure herriari buruzko curriculuma idatzi nahi dugu; Orioko curriculuma osatzen hastea du helburu gure proiektuak.



Herriaren izaera biltzen duen dokumentu pedagogiko baten beharra ez da zerbait berria. Begia Orioko eremutik harantz zabalduz, Euskal Herrian bertan, herritarrek kezka handia erakutsi dute hezkuntza kontuen inguruan eta modu aktiboan sustatu dira hezkuntza egitasmo euskaldunak.



 

​Orioren eta oriotarron kokapen ariketa bat planteatzen dugu, atzera eta aurrera begirako zalantza eta galderak oinarri hartuta: zertan datza Orioren eta oriotarron nortasuna? Zer dugu komunean oriotarrok? Eta zer eduki nahi dugu? Zer du Oriok Euskal Herriari eta oro har, munduari emateko? Zer transmititu nahi diegu etorkizuneko herriatarrei?

Herritarron historia, tradizioa, nortasuna... bildu nahi dituen proiektu pedagogikoa da gurea,  hezkuntza ikastetxearen eta herriaren arteko zerbait delako kontzientzia piztu nahi duena.

Auzolana makulu hartuta, hurrengo belaunaldiei transmititu nahi diegun ondarea eta herriari buruzko jakintza guztia nahi dugu bildu, antolatu eta idatzi, gure ikastetxeetan erabiltzeko moduan.

Curriculumaren lanketa hezkuntzatik haratago eraman eta  herritarron artean sortze horrek emango digu aberastasuna. Proiektuak arrakasta izango badu, modu kolektiboan eta denon ekarpenak kontuan hartuz egin delako izango da.
 

Mereziko du, ziur. Emaitzari erreparatu gabe, saiakerak berak aberastuko gaituelako.



bottom of page